Javier Aparicioren argazkia, Despertar
El Puente Colgante
Gigante guardián del amanecer
que carda las nubes día tras día,
arco triunfal del agua de la ría
que muestra al mundo entero su poder.
David Larralde
Dantza bertikala Bizkaia Zubian
Bizkaia Zubia espazio berezi eta aparta da, eta urriaren 4an dantza bertikaleko ikuskizuna egin zen bertan; Getxoko Udalak babestu zuen, Getxoko kultura- eta sormen-sektorea sustatze aldera.
Ikuskizun paregabe eta ikusgarria Zerikusi enpresak antolatu zuen, eta Maitane Sarralde Ussia izan zen aireko dantzaria; halaber, Bizkaia Zubiko kontserbazio-taldeak une oro lagundu zuen eta, hala, bertigozko irudi ederrak lortu genituen, baina baita sentsibilitatea eta elegantzia islatzen dituztenak ere. Artea eta Zubia beste behin uztartu dira dantzaren bitartez.
Europako Ondarearen Jardunaldiak
Urriaren 6an, 7an eta 8an Europako Ondarearen Jardunaldiak egin genituen Bizkaia Zubian. Aurten ondare ukiezina izan da hizpide. Halaber, Poesiaren Nazioarteko Lehenengo Jaialdia egin zen, Un Puente Vivo y Sentido, zeina Voces del Extremorekin elkarlanean antolatu baikenuen; martxoan hasi zen eta urrian amaitu, aipatutako jaialdian. Horrez gain, Ocho Puentes de Luz – Ocho Puentes de Poesía liburua argitaratu da, non lehenengo jaialdian jasotako poema guztiak bildu baitira.
Egun biziak izan ziren eta Estatu osotik etorritako hirurogei poetak baino gehiagok hartu zuten parte; halaber, bertan egon dira ere Bilboko Isabel Gallego Gorria ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak eta Errekaldeko Gaudeamus Hodie nahiz San Adriango Urretxindorra ahots zurien abesbatza.
Gure esker-ona adierazi nahi diegu hori guztia posible egin zutenei, bai eta gure Bizkaia Zubia kuttunarekiko sentimendu zoragarri eta hunkigarria eskaini ziguten poetei ere, zeina erabat berezia den obra baita.
2023ko azken hiruhilekoan ontzitxoak 27.474 bidaia egin ditu guztira, hau da, 4.120 km, Espainia eta Armenia arteko distantzia, alegia.
Top Enpresa Topaketa – CEBEK
Urriaren 27an, CEBEKek “Top Enpresa Topaketak” izeneko programa antolatu zuen Bizkaia Zubian, enpresa anfitrioi gisa. Urte askotako ibilbidea duen programa da, non enpresa bisitatzen baita eta jardunbide egokiak partekatzen baitira; gerente eta zuzendariei zuzenduta dago bereziki.
Topaketa honetan, gure hurbileko historia partekatuko dugu Bizkaia Zubian; askotariko baliotan oinarritu da, hala nola borondatearen indarra, ingeniaritzaren balioa eta irmotasunaren efizientzia, eta horiei guztiei esker erronka garrantzitsuak lortu ziren (UNESCOren Mundu Ondare izendapena, besteak beste). Ekinbarriko gure esperientziari buruz ere aritu gara, zeinak erdigunean jartzen baitu gizakiok eraldatzeko dugun ahala.
Esperientzia oso positiboa izan zen; baliagarria izan zaigu taldeen zuzendaritzan dauzkagun akatsak eta gabeziak antzemateko; taldekide guztiok errespetatutako arropa-arauak oinarri hartuta hartu ditugu erabaki egokienak, gertueneko etorkizunari ilusioz, konpromisoz eta neke txikiagoz aurre egin ahal izateko.
Ondoren, UNESCOren Mundu Ondare den monumentua bisitatu genuen eta azalpen zehatzak jaso genituen; mokadutxo batekin amaitu genuen, giro atsegin eta lasaian.
Erabat doakoak dira topaketak eta enpresen kolektiboari zuzenduta dago, edozein sektore edo dimentsiotakoa izanik ere, eta enpresako zuzendaritzako kideei nagusiki.
Onda Cero sari-banaketa
Urriaren 30ean, Bilboko Meliá hotelean, gure lurraldean lan egiten duten pertsona eta erakundeen lana aitortzeko Onda Cero Bizkaiaren sari-banaketaren hamaseigarren edizioa izan zen.
Oraingoan, hauexek izan ziren saridunak: Bizkaiko Sener enpresa, Gurutzetako Ospitalea, Askabide elkartea, zeinak lan egiten baitu Euskadin prostituzioan aritzen diren pertsonen normalizazioaren eta gizarteratzearen alde, eta Portugaleteko Bizkaia Zubia. Enrique Campos ere aintzatetsi zuten, Nervión Taldearen gidaritzan egindako ibilbideagatik, Juan Carlos Latxaga kirol-kazetaria eta, noski, omenaldi berezia egin zitzaion zendu berri den Luis Fernando Baranda kideari.
Oso hiruhileko haizetsua izan da eta kontrol-postuan erregistratu den gehienekoa 128 km/h-koa izan da, Portugaleten, azaro-hasieran.
Txirrindularitza egokitua
Azaroaren 11n, Pedaleando por el ciclismo adaptado lelopean egin zen bigarren txirrindularitza-martxaren harira, ehun parte-hartzaile inguruk Portugaletetik Areetara gurutzatu zuten edizio honetan parte hartu zuten txirrindulariekin batera, bai eta haiekin batera joan ziren laguntza-ibilgailuek eta anbulantziak ere.
Azken hiruhilekoan, igogailuek 14.008 bidaia egin dituzte guztira, eta 17.423 bisita izan ditu pasabide panoramikoak.
Kontserbazioa
Azken hileotan egon diren haize bortitzek gurdia zigortu dute eta eragin dute motorrek gehiegi lan egitea; ondorioz, horietako bi ordeztu behar izan dira. Horrez gain, zubia egoera bikainean mantentze aldera, hura mimatzen eta zubiko kableak zaintzen jarraitzen dugu; oraingoan, Portugaleteko gailurreko kableetako bat konpondu behar izan da.
Zubian ez da ezer zoriaren esku uzten eta, hortaz, jarraitu dugu ontzitxoaren barreretako motorretan prebentziozko mantentze-lanak egiten, eta gurdiaren translaziorako segurtasun-sistema guztiak kontrolatzen dira.
Oso nabaria da jada tenperaturen jaitsiera: gutxienekoak 6 ºC-koak dira eta gehienekoak, berriz, ia 10 ºC-koak
Elkarteen bisita
Bizkaia Zubia erakargarria da beti pasabide panoramikoa bisitatu eta ikuspegi zoragarriaz gozatu nahi duten turistentzat, baina baita ontzitxoan gu bisitatzera etorri diren askotariko elkarte ugarirentzat ere, gogoratzeko moduko esperientziak bizi eta irudi ahaztezinak lortu nahi dituztenentzat.
Oraingoan argazki zoragarria eskaini digute Skooter Bilbainada elkarteak eta Ferrari taldeak, azken hiruhilekoan zeharkatu baitzuten zubia.
Abenduan ere gizarte-bazterketako elkarteen bisitak izan ditugu gurean, aurreko urteetan bezala, ondare hau guztioi gerturatze aldera.
Azken hiruhilekoan, guztira 1.443 itsasontzi igaro dira Bizkaia Zubiaren azpitik.
Espainiako Mundu Ondare izendatutako ondasunen kudeatzaileen XVII. topaketa
Azaroaren 16an eta 17an, Espainiako Mundu Ondare izendatutako ondasunen kudeatzaileen XVII. topaketara joan ginen Madrilen. Jardines de Cecilio Rodriguez pabiloian izan zen eta hauxe izan zen gaia: “Kudeaketa-planak: arazoak identifikatzea horiek idatzi eta praktikan jartzeko”. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak antolatu zuen.
Bi jardunaldi trinko izan ziren eta gai ugari jorratu ziren, zeinen bidez mundu-ondarearen gaur egungo egoera ezagutu baikenuen. Gainera, azaroaren 16a Mundu Ondarearen Nazioarteko Eguna da, mundu osoan dauden gune natural eta kultural guztiak zaindu eta babesteko adostu zen data.
Guztira, Espainiak 50 ondasun ditu zerrendan jasota eta, hala, Aparteko Balio Unibertsalagatik UNESCOk aitortutako ondasun-kopuru handiena duen herrialdeetako bat da. Horrek guztiak izugarrizko erantzukizuna eskatzen du guztion aldetik. Horrenbestez, kudeaketa-planak funtsezko tresna dira aitortutako ondasunak behar bezala zaindu, zabaldu eta egunero kudeatzeko, arazoen prebentzioa bermatzeko, eta aldakorra eta geroz eta zailagoa den inguruko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko. Pertsonak, balioak eta ezaugarriak kudeaketa-sistemen funtsezko zati dira eta, ondorioz, mundu-ondareko ondasunak gure memoria historikoaren, gure nortasunaren eta kide izateko gure sentimenduaren ziurtasun ukiezin bilakatu dira, bai eta ingurumena nahiz komunitatea errespetatzen dituen ustiapen-eredu jasangarriko tresna baliotsu ere.
Horregatik guztiagatik, hizpide ditugun topaketak ezinbestekoak dira jardunbide egokietatik ikasteko eta, beldur eta ziurgabetasunak ez ezik, ilusioak eta proiektuak ere partekatzeko eta, hala, sare profesional sendoa sortzeko behar diren ezagutzak sendotzeko.
Luis Lafuente, Maria Agundez, Marta Uriarte.
Ordaindu beharreko prezioa
Azaroaren 27an, etengabe egon ziren joka Bizkaia Zubiko telefonoak, guztion ahotan eta komunikabide guztietan baitzegoen honako albistea: “Zubia apurtu da, ez dabil, taulen kableak apurtu dira”. Horrela esnatu ginen, baina sustoa besterik ez zen izan. Hala ere, zer gertatuko litzateke egia izango balitz?
“Ordaindu beharreko prezioa” izeneko Kutxabanken sentsibilizazio-kanpaina berriaren erakusleiho izateko aukeratu zuten Bizkaia Zubia, lehiakortasun jasangarriaren alde egiten duen apustuaren baitan.
Kanpainaren helburua da gogoeta sakona egitea eta aztertzea lehiakortasun jasangarriari eta enpresa-lehiakortasunari dagokienez gabezia duen sistema garatzen gabiltzala; kontu hori prezioaren edo salneurriaren bidez nola ulertu daitekeen hausnartu behar dugu, zoritxarrez arriskuan baitago aurrerapena.
Gaur egungo sistemak eta jasangarritasun gutxiko jarrerek eragin dute geroz eta zaurgarriago izatea, eta apurtzeko arriskuan dago. Hortik sortu da “Ordaindu beharreko prezioa”. Jasangarritasunaren alde egiten ez dugunean gure aurrerapenak ordaintzen duen prezioaren adierazpena. Izan ere, inork ez daki prezio baten atzean askoz handiagoa den beste bat dagoela.
Kutxabankeko lantaldeak, hiriko aurrerapen-ikonorik kutunena hautsiz, gizarte osoari dei egin nahi izan dio, ekin dezan. Irudi hunkigarria helarazi zuten, zeinaren bidez irudikatu baitzuten gauzak aldatu ezean zubia ez ezik, gure etorkizuna ere eroriko dela. Hori ekidite aldera, beharrezkoa da guztion artean sistema bat bultzatzea, zeinetan bermatuko baita jasangarriak direnak lehiakorrak ere izango direla, aurrera egiten jarraitu ahal dezagun.
Aipatutako kanpainak esku-hartze garrantzitsua egin du Zubian, ordura arte inoiz egin ez den bezalakoa. Oso proiektu konplexua izan zen, ia aste biko iraupena izan zuena; hura gauzatzeko, 10.840 kg-ko egitura jarri zuten 60 m2-ko pantailak jartzeko 50 m-ra itsasadarraren gainetik. Izugarrizko erronka izan zen guztiontzat eta arrakastaz lortu zuten. Gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alorretan lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustua egin beharra dago orain, betiere errespetua, zintzotasuna, gardentasuna, koherentzia eta lidergo konprometitua oinarri hartuta jardunez.
Eraldaketa Digitalaren Plana
Bizkaia Zubiaren lantaldearen zati bat irailetik abendura bete-betean egon da murgilduta ESDENek Europako funtsekin antolatutako Eraldaketa Digitalerako programan, mundu digital berrian apurka-apurka sartzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak eskuratze aldera. Berehalako errealitatea da eta ezinbestekoa da bertan egotea.
Oso hilabete trinkoak izan dira; informazio, tresna eta ezagutza ugari transmititu dira eta orain horiek barneratu behar ditugu, apurka-apurka, lantalde osoaren laguntzaz, 2024an gure asmo handiko plana martxan jartzeko.
Gure Bizkaia Zubiak daukan 130 urteko historian nabaria izan da zubiak berritzeko eta bizi behar izan dituen garaietara egokitzeko duen gaitasuna. Horrexegatik, ausardia, ikuspegia eta sormena berreskuratuko ditugu eta mundu digital berrian sartu; zalantzarik gabe, arinagoak, argiagoak, kritikoak eta umilagoak izatera eta ondo informatuta egotera derrigortuko gaitu… izugarrizko erronka!
Gabonak prestatzen
Urtero bezala, gurdian Gabonetako izarra jarriz emango diegu ongietorria Gabonei eta gure bezero guztiei ontzitxoak egiten duen ibilbidea erakutsiko die urrunetik.
Alabaina, hori ez da guztia; izan ere, gure dendetako erakusleihoak ere dekoratu dira, Gabon-izpiritua gure instalazioetara datozen oinezko guztiei helarazteko. Ildo beretik, urtero bezala, Zubiko oroigarriz eta produktuz betetako bi otzara zozketatu dira ohiko bezeroen artean.
Tradizioari jarraikiz, abenduaren 24an gure instalazioetan harrera egin genien Olentzero eta Mari Domingiri, eta haiei esker izugarri poztu ziren txikienak, ilusioa eta gozokiak banatzen egon baitziren.
Horrez gain, urtero bezala, doan banatu ditugu gure hormako egutegi ospetsuak gure bezeroen artean nahiz gure dendetara eskatzera etorri diren pertsona guztien artean.