Ikur baten historia hasi zen, bada. Bere garaiko ingeniaritzaren miragarri bat, burdin ijeztuko amets bat, zeina, bere bizi-pragmatismoa eta eztabaida mundutarrak gaindituta, eskualde oso baten eta herri oso baten ikur bilakatuko baitzen.
Amaierako proiektuak kableak errei gisa erabiltzea baztertu (teleferiko estiloan) eta erreiei eusteko bi haga horizontaletan oinarritutako egitura baten alde egin zuen. Bi haga horiek lau zutoin edo dorreren gainean egonen ziren, itsasadarraren bi aldeetako moiletan oinarrituak.
Bizkaia Zubia Industria-iraultzaren garaiko monumentu handienetako bat da, eta aro haren erakusgarri zutik iraun duten bakarretakoa. XX. mendearen bigarren erdian, burdina Historiaren aurrerabidearen ikur indartsuenaren gisara hartzen zen. Makinak, itsasontziak, trenbideak, estalki handiak eta Eiffel bezalako dorreak, erakusketa unibertsaletarako areto itzelak eta, batez ere, Europako eta Amerikako zubi berri gero eta altuagoak eta ausartagoak eraikitzeko erabiltzen zen materiala zen.
XIX. mendearen amaieran, Industria-iraultza aparteko jarduera ekonomikoko garai baten gisara bizitu zuen Bilboko itsasadarrak, Bizkaiko meatzetan zegoen 25 kilometro baino gehiagoko burdin-zain aberats baten ustiaketa masiboarekin lotuta. Espainiak iraganean bere inperio koloniala eraldatzeko erabili zuen mineral bera zen, baina oraingoan ustiatze eta lantze industrialeko prozesu baten ondoren. Eta meatzaritza konpainien, ontzi-sozietateen, siderurgia-enpresen, bankuen eta abarren harrigarrizko loratzea ekarri zuen. Bizkaia zubia, lehenengo unetik, sortzen ari zen zibilizazio industrial horren garaipen-arkutzat hartu zen.