Lanak

Alberto de Palacio ingeniariak eta Ferdinand Arnodin eraikitzaileak 1888an planteatu zuten Bizkaia Zubiaren eraikuntza. Bitartekoen ekonomia, eraikuntza biluzia egitea eta teknologia behar sozialen zerbitzuan jartzetik heldutako erabilera praktikoa izan ziren proiektua inspiratu zuten modernitatearen bereizgarriak, eta Zubian adierazita geratu ziren bereizgarri horiek monumentu-dotoretasunean oinarritutako abangoardiako lengoaia baten bidez.
Behin Sustapen Ministerioaren onespena lortuta, proiektua jada errealitate bihurtu zen. Emakida 1890eko otsailaren 12an eman zen. Hiru hilabete baino gutxiagoren buruan, M.A. de Palacio y Cía sozietatea eratu zen, Zubiaren eraikitzailea eta lehen emakidaduna izango zena.
Zubiaren eraikuntza tokiko enpresaburuen talde baten finantzatu zuen, Santos López de Letona buru. López de Letona Mexikon, ehun-manufakturen sektorean aberastutako industria-gizona zen. Zubia ekimen pribatuaren fruitua izan zen, urtero arraun-bateletan itsasadarra zeharkatzen zuen milioi erdi bidaiariren eskakizunari erantzuteko. Gaur egun enpresa pribatua izaten jarraitzen du, eta ontziak egunero hirurehun bidaia baino gehiago egiten ditu. Urtean, batez beste, lau milioi oinezko eta milioi erdi bat ibilgailu garraiatzen ditu.

Sozietateak egin zuen lehenengo Akziodunen Batzarrean

Alberto de Palacio jaunak bere gogo bizia adierazi zuen, eta zenbait proiektu osagarri ere planteatu zituen. Aho bateko eta ilusiozko harrera izan zuten haiek ere. Horien artean zegoen erdiko pasabidea prestatzea oinezkoak pasa zitezen, bai eta igogailu-zerbitzua jartzea ere, ikusmira pribilegiatuez gozatzeko. Mende bat baino gehiago iraganda, Bizkaia Transbordadorea sozietateak, egungo emakidadunak, errealitate bihurtu zituen bete gabeko amets horietako batzuk.

Lantaldea osatu eta proiektua prest zegoela, obrak 1890ean hasi ziren itsasadarraren Portugaleteko aldean. Arnodin jauna izan zen kontratista. Alberto de Palaciok hautatu zuen obrak hastera ere iritsi ez zen lehenengo kontratista, Alonso jauna, modu tragikoan hil ondoren.

Lehenengo egitekoa lurraren prospekzioari ekitea izan zen.

Lurrak arazoak eman zitzakeen, hareatsua baitzen. Hautatutako kokagunea hondartza izana zen ez aspaldi.

Lurraren prestaketan izandako gorabeherak gaindituta, lanek erritmo azkarrean jarraitu zuten. Hondeaketa-lanak amaiturik, zimendatzeei ekin zitzaien, hain zuzen zimendu horien gainean eraikitzeko atalez atal, zurezko aldamiaketa baten laguntzarekin, altxatzen joango ziren dorreak. Hasiera batean, metalezko egitura pernoekin armatu zen, baina gero errematxeak erabili ziren lotura gisa; soldaduraren garaiak oso urrun zeuden oraindik.

Dorreak guztiz amaituta, 

haize-lokarriak eta haizearen kontrako lokarriak jarri ziren, eta horren ondotik oholtzaren edo hagen muntaketari ekin zitzaion. Hagak dorreen gainean ezarri eta itsasadarraren bi aldeak batu zituzten.

Muntaketa hori ere atalez atal egin zen. Izan ere, atalak gabarra batetik goratu eta zegokien tokian jartzen ziren behin betiko. Obraren atal horixe izan zen, eraikuntzaren kroniken arabera, konplexutasun handiena izan zuena.

Ametsa errealitate bihurtu zen bizilagunen begirada harrituen aurrean eta ilusioz betetako eraikuntza taldearen eta, bereziki, Alberto de Palacio jaunaren harrotasunaren aurrean. Zubi gaztearen egitura zaindari baten gisara altxatu zen, eta ordura arte iritsi gabea zen altueratik begiratu zion paisaiari. Inork ez zekien artean etorkizunak zubi hori etorriko ziren aldaketa handien lekuko berezi bilakatuko zuela. Egitura nagusia ia guztiz amaituta zegoela, bidaiariak alde batetik bestera eramango zituen ontzitxoa egiteko unea iritsi zen.

Jatorrizko ontzitxoa oholtzarrez egina zegoen,

eta txapazko errefortzuak zeuzkan esekidura-kableen ainguralekuetan. Desberdintasun sozial nabarmenak zeuden garai hartan, eta Zubiak ere horixe islatu zuen: bidaiarientzako bi klase zeuzkan ontzitxoak, sare batek bereizita. Lehenengo klaseko bidaiariek aulki estalien hiru ilara zeuzkaten, ontziaren bi aldeetan jarriak; bigarren klasekoek, berriz, erdiko zatian bidaiatuko zuten, gurdiekin, salgaiekin eta abereekin.

Obrak amaituta zeuden, eta ez hain aspaldi bideragarritasuna zalantzan zeukan proiektua, sustatzaileek berek ere horri buruzko zalantza izan baitzuten, errealitate bihurtu zen.

Ontzitxoan 26 tonako zama jarri zen, eta haiei ontzitxoaren beraren pisua gehituta 40 tonako pisua lortu zen; hau da funtzionamenduko gehieneko zamaren lau halako. Baldintza horietan, zenbait bidaia egin ziren, abiadura desberdinetan, eraikuntza berriaren jokaera konprobatzeko.

Emaitzak guztiz positiboak izan ziren. Eginbehar bat baino ez zen gelditzen: inauguraziorako prestakuntzak egitea.

AVISO

Parada Temporal del Servicio Día 11 de Abril

Mañana día 11 por motivo de la Gabarra el servicio del puente se verá interrumpido de 16:15 a 17:30.