Historia

sarrera

Zubiaren jatorria XIX.mendeko azken tartean dago.

Bizkaia Zubiaren jatorriaren bila XIX. mendearen azken zatiraino joan beharko dugu. María Cristinaren erregeordetzaren urteak dira (1885-1902), haren seme Alfontso XIII. adingabea zen garaiari dagozkionak.
Bizkaia Zubia egitearekin lortu nahi zen helburua zen Ibaizabal ibaiaren bokaleko bi aldeak batzea, nabigazioa oztopatu gabe.
Obraren diseinua Alberto de Palacio y Elissague jaunari zor zaio, zeina ezagunagoa baita Madrilgo El Retiro parkeko Kristalezko Jauregiaren eraikuntzan parte hartu zuelako. Ferdinand Joseph Arnodin ingeniari frantsesa arduratu zen obraren eraikuntzaz, eta Bilboko ehungintzaren arloko enpresaburu Santos López de Letona izan zen proiektuaren babesle eta finantzatzailea.

Bizkaia Zubia

metalezko egitura gisa munduan eraiki zen lehen zubi transbordadorea izan zen. Ibaizabal ibaiko bokalean dago, Bilboko estuario nabigagarria XIX. mendean itsasora zabaltzen tokian. 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen, eta bere burdinezko gorputz handiarekin Portugalete eta Getxo herriak batzeko diseinatu zen: itsasadarraren alde bat harritsu eta malkartsua da eta bestea, berriz, baxu eta hareatsua. Eraiki zenean, udako bi bainuetxe-herri horien arteko komunikazioak erraztea lortu zen, itsasontzien trafikorako Europako portu erakargarrienetako baten nabigazioa oztopatu gabe.

Bizkaia Zubia bi berrikuntza teknologiko desberdinen

batzearen emaitza ederra da: kableetatik esekitako zubien ingeniaritza modernoa, XIX. mendearen erdialdean garatua, eta baporezko makinen bidez zebiltzan ibilgailu mekaniko handien teknika.

Hala eta guztiz ere,

Bizkaiko arkitekto Alberto de Palacio y Elissague jauna Ibaizabalen bokaleko bi aldeak batuko lukeen sistema bat eraikitzeko proiektua garatzen hasi zenean, lan zorrotza egin zuen, garaian eskuragarri zeuden aukera ia guztiak aztertuz: erreien gaineko transbordadorea, ontzitzar eta gabarra flotagarriak eta gisa guztietako zubiak: birakariak, altxagarriak, kulunkariak, itsaso azpikoak, goratuak eta abar.
Horiek guztiak bazter utzi ziren teknikoki aztertu ondoren, eta Palacio Zubi Transbordadorea izena hartu zuen asmakarira iritsi zen. Haren diseinuak beharrezko betekizun guztiak betetzen zituen; hau da, bidaiariak eta zama eraman zezakeen, ez zuen nabigazioa oztopatzen, eraikuntza-kostu arrazoizkoa zuen eta zerbitzu erregularra bermatzen zuen.

Ikur baten historia hasi zen, bada.

Bere garaiko ingeniaritzaren miragarri bat, burdin ijeztuko amets bat,

zeina, bere bizi-pragmatismoa eta eztabaida mundutarrak gaindituta, eskualde oso baten eta herri oso baten ikur bilakatuko baitzen.

Amaierako proiektuak kableak errei gisa erabiltzea baztertu (teleferiko estiloan) eta erreiei eusteko bi haga horizontaletan oinarritutako egitura baten alde egin zuen. Bi haga horiek lau zutoin edo dorreren gainean egonen ziren, itsasadarraren bi aldeetako moiletan oinarrituak. Bizkaia Zubia Industria-iraultzaren garaiko monumentu handienetako bat da, eta aro haren erakusgarri zutik iraun duten bakarretakoa. XX. mendearen bigarren erdian, burdina Historiaren aurrerabidearen ikur indartsuenaren gisara hartzen zen. Makinak, itsasontziak, trenbideak, estalki handiak eta Eiffel bezalako dorreak, erakusketa unibertsaletarako areto itzelak eta, batez ere, Europako eta Amerikako zubi berri gero eta altuagoak eta ausartagoak eraikitzeko erabiltzen zen materiala zen. XIX. mendearen amaieran, Industria-iraultza aparteko jarduera ekonomikoko garai baten gisara bizitu zuen Bilboko itsasadarrak, Bizkaiko meatzetan zegoen 25 kilometro baino gehiagoko burdin-zain aberats baten ustiaketa masiboarekin lotuta. Espainiak iraganean bere inperio koloniala eraldatzeko erabili zuen mineral bera zen, baina oraingoan ustiatze eta lantze industrialeko prozesu baten ondoren. Eta meatzaritza konpainien, ontzi-sozietateen, siderurgia-enpresen, bankuen eta abarren harrigarrizko loratzea ekarri zuen. Bizkaia zubia, lehenengo unetik, sortzen ari zen zibilizazio industrial horren garaipen-arkutzat hartu zen.