Oinordetza unibertsala
Bizkaia Zubia ibilgailu transbordadorea duen lehenengo zubi esekia da munduan. Berez, gainera, Europan, Afrikan eta Amerikan XIX. mendearen lehen herenean egin ziren antzeko hogei artefakturen saga baten lehenengoa da. Gaur egun ere, bere oinordekoetatik bederatzi zutik daude, nahiz eta askok ez duten funtzionatzen.
Frantzia izan zen gisa honetako zubi gehien armatu ziren herrialdea, zeren eta Bizkaia Zubiaren eraikitzaileak, Ferdinand Arnodinek, arrakastaz ustiatu baitzuen jatorrizko patentea bertako portu garrantzitsuenetan: Bizerta (Tunisia), Rouen, Bordele, Nantes, Marseilla edo Brest. Haiek guztiak desmuntatu, dinamitatu edo bonbardatuak izan ziren gerra garaietan, eta gaur egun Rochefort-Martroukoa baizik ez da erabiltzen. 1900ean eraikitako zubia da hori.
Ingalaterran, bost eraiki ziren, eta haietatik hiru desagertu ziren. Newportekoak, 1906an inauguratuak, oraindik ere zerbitzuan dihardu. Alemaniako hiru zubi transbordadoreetatik, bestalde, bi zutik daude eta horietako bat, Ostengoa, badabil. Ameriketan ere gisa horretako zubiak eraiki ziren, baina funtzionamenduan Buenos Airesko (Argentina) La Boca auzokoak baizik ez dirau. Chicagoko Sky Ride zubia eraitsi egin zuten, eta gauza bera gertatu zen Río de Janeiroko zubi alexandriarrarekin.