Nor gara

Enpresa 1995eko abenduaren 21ean sortu zen, horretarako deitutako lehiaketa publikoa eta ondoriozko esleipena zela bide; harrezkero, transbordadore zerbitzua etenik gabe ustiatu da itsasadarraren bi ertzen artean, eta horixe da, hain justu ere, sozietatearen diru-sarreren iturri nagusia gaur egun.

Azken urteetan, sozietateak bete-betean asmatu du berritzen, alderdi turistikoak indartuz eta jarduerak dibertsifikatuz (bisitak, merchandisinga, etab.), betiere, garraio ustiapenaren arreta eta hobekuntza alboratu gabe; hala, batetik, ingeniaritza obra bitxi gisa zubiak berak duen erakargarritasuna eta, bestetik, UNESCOk 2006. urtean hala izendatuta, Mundu Mailako Ondare izatea baliatu da.

Gaur egungo sozietateak, 1995. urtean emakida bere gain hartu zuenean, jakin bazekien ezinbestekoa zela zenbait inbertsio garrantzitsu egitea berrikuntza eta eguneratze lanei ekiteko, bai egituraren zenbait alderditan (ontzitxoa aldatzea), bai zubiaren funtzionatzeko sisteman (irekiera eta itxiera, atrakalekua, abiadura, klimatizazioa, sarbideen kontrola), baita zubiaren funtzionaltasunari zegokionez ere. Hortaz, transbordadore baten berezko eginbeharra betetzeari utzi gabe, alde komertzialetik (oinezkoen pasarela irekitzea) ustia daitekeen elementu turistiko gisa ere balia daiteke.

Aldaketa horiek ofizialki inauguratzeko ekitaldia 1999ko uztailean egin zen, Espainiako Erregea eta Erregina bertan zirela; aldaketok urte horretan bertan, abenduan, begiets zitezkeen, 1991. urteko argiztapena ordeztuko zuen sistema aurkeztu baitzen.

2002. urtean, Zubiak Europa Nostra saria jaso zuen, Europako Erkidegoaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak emandakoa, Europako Kultura Ondasun bat zaintzeko eta berreskuratzeko egindako lanagatik.

Aipatu bezala, ustiatzeko lehiaketa 1996. urtean esleitu izanak inflexio puntu bat ekarri zuen obra bitxi eta handi honen balioa agertzeko konpromisoan; oinarrizko hiru ideia hauek ezarri dute jarduteko ildo estrategikoa:

  • Beste ehun urtez gizarteari zerbitzua emateko konpromisoa
  • Instalazioak berritzea teknologiari dagokionez.
  • Obraren ospea sustatzea eta sustapen kulturala

El Transbordador de Vizcaya S.L. sozietatearen bulegoak eta egoitza soziala Getxon daude (Bizkaia), eta bertan daude, halaber, mantentze-lanetarako lantegiak eta aldaketetarako biltegia.

X