Alberto de Palacio ingeniariak eta Ferdinand Arnodin eraikitzaileak 1888an planteatu zuten Bizkaia Zubiaren eraikuntza. Bitartekoen ekonomia, eraikuntza biluzia egitea eta teknologia behar sozialen zerbitzuan jartzetik heldutako erabilera praktikoa izan ziren proiektua inspiratu zuten modernitatearen bereizgarriak, eta Zubian adierazita geratu ziren bereizgarri horiek monumentu-dotoretasunean oinarritutako abangoardiako lengoaia baten bidez.
Behin Sustapen Ministerioaren onespena lortuta, proiektua jada errealitate bihurtu zen. Emakida 1890eko otsailaren 12an eman zen. Hiru hilabete baino gutxiagoren buruan, M.A. de Palacio y Cía sozietatea eratu zen, Zubiaren eraikitzailea eta lehen emakidaduna izango zena.
Zubiaren eraikuntza tokiko enpresaburuen talde baten finantzatu zuen, Santos López de Letona buru. López de Letona Mexikon, ehun-manufakturen sektorean aberastutako industria-gizona zen. Zubia ekimen pribatuaren fruitua izan zen, urtero arraun-bateletan itsasadarra zeharkatzen zuen milioi erdi bidaiariren eskakizunari erantzuteko. Gaur egun enpresa pribatua izaten jarraitzen du, eta ontziak egunero hirurehun bidaia baino gehiago egiten ditu. Urtean, batez beste, lau milioi oinezko eta milioi erdi bat ibilgailu garraiatzen ditu.