Bizkaia Zubi Handia Alberto de Palacio y Elissaguek diseinatu zuen. Zalantzarik gabe profesional aparta eta bere garaiko egiazko eruditu bat izan zen.
Haurtzaroa gurasoen galera goiztiarrak markatu zion. Inguruabar horrek eragin erabakigarria izango zuen harengan. Gazte-gaztetatik Portugaleten bizi izan zen, Epaltza Etxean. Une hartatik, aparteko ikasle bezala nabarmentzen hasi zen.
1882an, Arkitekturan lizentziatu zen, Bartzelonako Arkitektura Eskolan, eta Klaustroaren erabakiz promozioko lehena izan zen, eta amaierako azterketa egin beharrik gabe. Ikasketa horiek amaituta, Parisera joan zen, eta bertan hainbat diziplina ikasi zituen: ingeniaritza, matematika, astronomia eta medikuntza, besteak beste.