1893ko uztailaren 28an, Bizkaia Zubia inauguratu zen. Bizkaiko itsasadarreko eskuinaldeko Areeta eta ezkerraldeko Portugalete herriak lotu zituen. Burdinazko moleak, XIX. mendearen amaierako Bizkaiko industrializazio garrantzitsuaren lekukotasun paregabeak, denboraleari egin behar izan zion aurre egun hartan.
Altzairuzko piezetan jarritako 400.000 errematxeek, eta 51 metroko altuera zuten 4 dorreek –itsasadarraren alde bakoitzean bi– haize-kolpeei egin zieten aurre, metalezko 8 kableren laguntzarekin. Estuarioaren gainean, bi herri guneak lotuz, 45 metroko altueran egindako oholtza, 160 metroko luzerakoa, gizakiak eta bere teknologiak naturaren aurkako borrokan eta faraoi-obra hori eraikitzeko zailtasunaren aurrean lortutako arrakastaren ikurra zen.
Garraiorako ontzitxoak jendea batetik bestera eramaten jardun zuen egun osoan, obra bedeinkatze aldera ontzitxoan bertan egindako mezaren ondoren. Monumentu berriaz gozatu zuten, urteekin Bilboko itsasadarraren bokaleko paisaia naturalaren zati bat bilakatuko zela jakin gabe. Ontzitxoa eta 1999an, azken birmoldaketan zehar, egindako aldaketa txiki batzuk kenduta, XX. mende osoan berdin iraun duen egitura bat da. Planeta osoko lehen zubi eseki transbordadorea zen.
Bizkaia Zubiaren inaugurazio ofiziala 1893ko uztailaren 28an izan zen, obrak hasi eta hiru urte baino gehixeago iraganda.