';

Mundu mailako ondarea

Egindako inbertsioei eta ekimen pribatuari esker, 2006ko uztailaren 13an, Vilniusen (Lituaniako hiriburuan), UNESCOko Mundu Mailako Batzordeak Bizkaia Zubia Mundu Mailako Ondare izendatu zuen, honako irizpide hauei jarraituz:

Ibaiaren estuarioan zubia gehigarri ikusgarri eta estetikoki atsegina dela ulertzea, baita sormen teknikoko adierazpen paregabea ere, formaren eta betebeharraren arteko harreman erabat betea islatzen duena. Beste era batera esanda, obra harrigarria da, edertasuna, estetika eta funtzionaltasuna bikain uztartzen dituena.

Transbordadore mekanismoa garatzeak, burdinaren teknologiarekin uztartuz, eta altzairuzko kable berriak baliatuz, mundu osoan zubien garapenean eragina izan zuen eraikuntza modu berri bat sortu zuen.

Origenes

Todo tiene un comienzo

INNOVACIÓN

fusión entre tecnologias

Aipamen horri esker, Bizkaia Zubia Euskal Autonomia Erkidegoko Mundu Mailako lehenengo Ondarea izan zen, baita aitortutako lehenengo Industria Ondarea Espainian ere.

Mundu mailako Ondare programaren xedea Gizateriaren herentzia komunerako kultura edo natura aldetik garrantzitsuak diren leku bikainak katalogatzea, zaintzea eta ezagutzera ematea da. Gaur egun Mundu Mailako Ondare izendatutako 851 leku daude mundu osoan; horietatik berrogeita bat Espainian daude.

Zubiari dagokion Mundu mailako Ondarearen adierazpena 2007ko maiatzaren 23tik dago inskribatuta, ustiatze emakidarekin batera Portugaleteko Jabetza Erregistroan.

Herentzia unibertsala

Bizkaia Zubia Europako Industria Iraultzaren eta burdinazko arkitekturaren eraikuntza nabarmenetako bat da. Metalezko sareta eta altzairuzko kablez egindako egitura monumentalak XIX. mende amaierako ingeniaritzaren arrakasta handienetako bat irudikatzen du, baita ezagutzen diren garraiobideen arloan berrikuntza jenial bat ere.

Bizkaia Zubiak garaiko trenbide eta burdinazko arkitekturaren aurrerapen teknologiko berriak sintetizatu zituen, asmakizun originala, ederra eta harmoniatsua sortuz eta aldi berean bidaiarien garraioen premiak konpontzea ahalbidetuz, hain zuzen ere itsas nabigazioko arazo korapilatsuak eta orografia zaila dituen kokapen batera egokituz.

1893. urtean armatutako zubia iraganeko material, teknika eta estetika bitxien erakusgarri argia da, eta, bidenabar, beti kontserbazio egoera zuzenean egon da, ez dio inoiz funtzionatzeari utzi eta oraindik ere hasierako xedea eraginkortasunez betetzen jarraitzen du.

Balio unibertsal bikain hori, gainera, munduan eraikitako lehenengo zubi eseki transbordadorea izatetik eta antzeko ezaugarriak dituzten beste zubi askoren modelo edo inspirazio iturri izatetik datorkio, Afrikan, Europan eta Amerikan. Gaur egun, oraindik ere, horien guztien artean Bizkaia Zubia kontserbatu da hobekien. Garraiobide aitzindaria da, sorrerako ikuskerari eta bizitza erabilgarri luzeari dagokionez, erabateko eraginkortasunari eutsi baitio gaur egun arte.

Bizkaia Zubiak, gainera, Bizkaian burdina landu eta erabiltzeari lotutako tradizio kultural luzearen puntu gorena ere irudikatzen du; izan ere, metal hori garai erromatarretik izugarri ustiatu izan da, eta historian zehar ekarpen nabarmena egin du fatxada atlantiko europarreko herrialde guztien hazkundean; horrez gain, burdinak eginkizun erabakigarria izan zuen Amerika kolonial espainiarraren industria, nekazaritza eta meatzaritzaren garapenean.

Zubitik gertu Europako burdin meategi historiko garrantzitsuenetako bat dago; bertatik 50 milioi metro kubiko mineral baino gehiago atera da eta zubia eraiki zen garaian gehienezko errendimenduaren une gorenean zegoen. XIII. mendetik meategi horietako burdina erruz esportatu zen Frantzia, Ingalaterra eta Herbehereetako merkatuetara, eta XVI. mendean, Euskadiko 300 burdinola hidraulikok baino gehiagok haien metalezko produktuak ia lehiarik gabe banatzen zituzten Espainia eta Europako merkatuetara ez ezik, baita kontinente amerikarreko kolonia hispano berri guztietara ere.

XVIII. mende bukaerara arte, Amerika osoa euskal burdinez landutako aizkora, golde eta pikotxez kolonizatu zen; izan ere, itsas bestaldeko jabetza espainiarretan debekatuta zegoen galdategi burdinolak eraikitzea. XIX. mende erdialdean, Industria Iraultzaren ekoizpen eta elkartrukerako teknika berriei esker burdina mineralaren esportazioa eta eraldaketa euskal ekonomia garatzeko motor nagusi bihurtu ziren; horren haritik, Ibaizabal ibaiaren bokalean industria paisaia paregabea sortu zen, besteak beste, planta siderurgikoak, itsas ontziolak, trenbideak, harrobiak eta portu kaiak, eta horien artean, eraiki zuten unetik bertatik Bizkaia Zubia bereziki nabarmendu zen burdinaren kultura berrituan anbizio handiena zuen ordezkari eta sinbolo nagusi gisa.

Sinbolismo eta irudi historikoa alde batera utzita, zubia erreferentziazko irudi eder eta bitxia da eskualde osoan, bere eraikuntza ezaugarriak, neurriak eta proportzioak tarteko. Gainera, garraio azpiegitura gisa duen garrantzia eta indar estetikoari esker, modu esanguratsuan eragin du zubia inguratzen duen hiri inguru osoaren eraketan.

X